viernes, 2 de marzo de 2012

MARGA IÑIGUEZ (Hik Hasi, 104)

PENTSAMENDU DIBERGENTEA



(...) Sortze bidean jartzeko, lau eremutan sartu behar da.
Bata da “ezikastea eta askatzea”. Ideiek iraungipen data dute, eta badira ezikasi behar diren jokabideak ere (nahiz eta agian, aurrerago berriz ere hartu behar izan). Ezagutza edo jokabide gisa atzean gelditu zaizuna askatu egin behar da: ezin dugu gure eskoletan oraindik atomoa banaezina dela esaten segi, edo zientzian dena dela “kausa-efektua”. Usteldu dena askatu egin behar da hutsuneak izateko, berriari leku egiteko, norberaren originaltasunarentzat espazioak izateko. Beste igarobide bat ziurgabetasuna da, zalantzaren ziurtasuna. Galderak egin ezean, ez dago aurrera egiterik. Greziar filosofo baten esanetan, bere buruari galderarik egiten ez dion pertsona hilik dago bizitzan. Beste igarobide bat hanka sartzeak dira, eta horiei bi modutan egin geniezaieke aurre: soinean zama moduan hartuz, eta blokeatu egingo gaitu horrek, edota aurkikuntza berrietara garamatzan giltza moduan hartuz. Zientzia eta teknologia ere ate berriak zabaldu dituzten okerrez beteta daude. Laugarren igarobidea eraldaketak dira. Unibertsoan dena aldatzen da, harriek ere barne mugimendua dute. Ezin gara kukutu, “kieto” jarri, esanez: “Gauzak halaxe dira, hala izan direlako beti” (...).
 (...)Edisonek, bonbilla lortzeko, 990 aldiz egin zuen porrot. Galdetu omen zioten: “Eta horrek ez zintuen nekatu?”, eta berak erantzun: “Ez, zoragarria da! Badakizkit bonbilla bat ez egiteko 990 modu” (...).

(...) Ebaluazioetan, erantzun zuzenak bi edo hiru behintzat izatea, eta ez bakarra. Ikasleari hainbat aukera ikusten laguntzeko moduko frogak jarri behar dira, eta ez “a ala b” gisako froga objektibo horiek, subliminalki ematen duten mezua hauxe baita: gauza guztiak zuriak ala beltzak dira. Gisa honetako galderak ere egin daitezke: “Idatzi 30 egoera, non erantzuna beti 5 den”, ikasleak planteatu behar izateko zer esan nahi duen 5-ek. Edo jolas hipotetikoak egin, esaterako “zer gertatuko litzateke… lurrik ez balego” edo “inoiz ez balu euririk egingo”. Alegia, pentsatzen irakatsi, baina arlo guztietan eta etengabe.


Gehiago jakiteko: ARTIKULU OSOA

MARGA IÑIGUEZ (Hik Hasi, 104)
Filosofoa, pedagogoa eta sormenean aditua